“Oraingo doinu zaharrak” musika tradizionalaren gainean

“Oraingo Doinu Zaharrak” diska Bizkaiko Gaiteroek musika tradizionalaren gainean eta, zehatzago, mihi bikoitzaren garapenaren alde egindako lanaren adibide da. Gainera, Ondalan Erraldoien Konpartsak Erraldoien inguruko zenbait musika graba genezan luzatu proposamenari erantzuna ere bada. Arrazoi biak bide, musikaren gaineko geure ideiak agertu gura izan ditugu CD honetan.

Festa eta ospakizunetako musika-korpusa bete ohi duten musikak hautatu ditugu: dianak, Erraldoientzako kalejira eta balsak, erromeria piezak baita kontzerturako obrak ere. Guztiak ere bizkaitar musika tradizioari atxekiak. “Txango” eta iloba Rogaciano Arsuaga (Bilboko txistulari XIXgarren mendearen hondarretan eta XXgarrenaren ataritan), Durangoko tanboriteru Carlos Bergaretxe, Manolo Landaluce eta beste txistularien errepertorioetatik jasoak batzuk. Besteak ostera, bizkaitar gaiteroei jasoak; Francisco Monasterio “Drogas” ala Juan Bilbaori entzunak.

Bestalde, Julian Romanaren errepertorioa eransteak Romanotarrek Bizkaian usu jo izana du arrazoi. Jadanik 1894ean Bilboko jaiak alaituko zituzten, “afamados gaiteros de Estella” legez, beste zenbait jaietan jotzeko ere halaxe aurkeztu izan zutelarik euren burua.

Idazki zahar batek zera agertzen du 1894ko Abuztuaren 23az: “a las doce de la mañana, la banda de música juntamente con los DULZAINEROS DE ESTELLA ejecutarán varias piezas de música escritas para ambos”. Datu honexek bultzatzen gaitu musika bandarekin batera aritutako gaiteroak Demetrio Romano eta Anselmo Elizaga izan zitezkeela pentsatzera. Portugaleteko jaietan ere jo izan zutela lizarratarrok ( 1896an).

Dagoeneko beluago, Demetrio eta senide (Godofredo, Julian eta beste) Lekeitioko festetan jotzeko aurkeztu zuten euren burua 1907, 1911, 1912 eta 1914an. Baina bizkaitar merkatura beste gaitero bikote bi lotzeaz bat (hauek ere “afamados gaiteros­dulzaineros- estelleses” legez), ikamikarik ere sortuko zen.

Bizkaian gaitero arrotzak izatea oso antzinatik dator. Halandaxe, San Antongo Sakramentu Santuen naidiko kontu liburuak dakarrenez: “Año 1676. Iten

·361 Rs que costo la danza que se hiço traer de Nabarra, los 3200 Rs que se dieron a los ocho danzantes y gaytero y los 661 Rs que costaron las libras de Bayeta, gamuzas y çapatos y medias, guarnición y echuras de ellos” … Horrez gain, urteetan etortzen izan ziren Alfara, Iruñea, Logroño, Tutera eta Valentziako dantzariak gaiteroa lagun: “Año 1686.

1800 Rs a toda costa y por bestidos se dieron a la danza y gaitero que se pidio y vino de Valencia”.

Era berean, bada Iruñeko gaiteroen presentziarik ere. Izan ere, 1 882ko Abuztuaren 5eko data duen izkribu bitxian, zera azaltzen du Pio Las Nabasek: 1871 urtean Bilbon izan zela jotzen eta 125 ogerleko ordaindu zitzaizkiela. Bide batez, esan dagigun 1882ko jaietan jotzeko eskatu eta ezetz erantzun ziola Bilboko Udalak.

XIXgarrcn mendearen hondarretan, Sebero eta Benigno Altube anaiak ere ibili izan ziren jotzen, eta Bermeon ospatu dultzainero lehiaketan sari bat irabaztera ere ailegatu ziren. Arrasatetik etorritako gaiteroak gutiziatuak izan ziren Balmaseda eta beste udalerritan. XXgarren mende osoan zehar, ugariak dira Lizarrako gaitero Elizaga eta Perezen agerraldiak, baita Laguardiako Jesús Martinez “Jimeleo” gaiteroarenak edota dantzariak laguntzeko hurbilduko dira gurera.

Bizkaitar gaiteroei buruzko lehen aztarnak 1729koak dira  “…pleito de un hecho ocurrido en Carnavales …” aitatutako lehenbiziko gaiteroa Tomás Crayn Mayster delako bat izanik.

Denboran aurrerago, Sakramentu Santuaren Anaidiko kontuen ordainketa bi dakarte: “veinte y nuebe Rs vn entregados a Caranbolla por una dulzaina con sus pitas para Bustrin” eta “48 Rs vn entregados a Bustrin para comidas durante la octava”. Durango eta Xemein udalerrietako kontuetan ere agertuko zaigu Bustrin, dultzainaz gain txistua ere jo izanagatik.

Markina-Xemein

1756an Bariko San Nicolas eliza berriaren bedeinkapena dela eta, ondoko datuak ospakizun haren erakusle: “salieron de paseo la tarasca, los gigantes y los enanos, acompaiiados de la banda de tamborileros y dulzaineros que recorrieron todas las calles”.

XIXgarren mendean zehar ere izan zen gaiterorik Bizkaian. Aulestiko dultzainero batek Lore Joko ugaritan jo zuen: Markinan 1883an, Durangon 1886an eta Gernikan 1888an. Gainera, 1896an Bilbon ospatu Lore Jokoetan, Arrasate, Biana eta Burgoskoek ere hartu zuten parte.

Bilbon Areatzan.

Joan berri den XXgarren mendeko gaitero klasikoak eta euren musika zuzenago edo hurbilago ezagutu ahal izan ditugu: Gordexolako Domingo Arza, Lanestosako Manu Quintana “Taranina”, Burtzeñako Lucas, El Regatoko Arrati, Ibarretxe eta Isidro Montalban, Zamudioko Esteban Susunaga eta Felipe Maruri, Zeanuriko Basilio Etxebarria, Bediako Juan Aiesta, Magunako Txaparro, Abadinoko Julian Azurmendi, Abusu-Bilboko Francisco Monasterio “Drogas” eta abar Bizkaia osotik ibili ziren. Musika “belarriz” jasoak eta joaz. Erromeriaz erromeria. Albokari, soinujole, panderojole, txistulari, musika­banda baita gramolaren musikatik ikasiz, eta era berean haiei erakutsiz, etengabeko elkarreraginean. Inguruneak errepertorio berezia sortzera bultzatu zituen, tradiziozko jota, porrusalda eta martxei hain gure ez diren pasodobleak, tangoak eta abar ere erantsiz.

-Iturria: Gaminde Terraza, Jon, 2001. “Oraingo doinu zaharrak”. Dossier 2002 Ondalan. 14-18 orr.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s